Aktualitatea
Eudelek eta Europako Kontseiluak Berrikuntzaren eta Gobernu onaren zigiluaren hirugarren edizioa sustatuko dute sei udaletan
- Honako udal hauek dira ELoGE 2020rako hautagaiak: LAUDIO, Araban; BERANGO, ERANDIO eta ERMUA, Bizkaian, eta ELGOIBAR eta IRUN, Gipuzkoan.
- ELoGE Zigilua (European Label for Governance Excellence) tokiko gobernuen bikaintasunaren eta kalitate demokratikoaren aintzatespenik handiena da Europan.
- Udal bakoitzak bere egoera ebaluatu behar du gobernu onaren 12 printzipiori dagokienez, 97 adierazleko tresna baten bidez (benchmark). Gainera, gobernu-taldeari, oposizioari eta herritarrei inkestak egiten zaizkie emaitzak egiaztatzeko.
- 2017an eta 2018an lehen bi edizioak egin ondoren, EUDELek berriro ekin dio proiektuari, udalei beren erakundeak indartzen laguntzeko, Covid osteko susperraldi sozial eta ekonomikoaren erronka berrien aurrean.
Bilbon, 2020ko urriaren 20an. 2020ko azken hiruhilekoan, EUDELek hiru lurraldeetako sei udali lagunduko die Gobernantzako Bikaintasunaren Europako Zigilua (ELoGE) ebaluatzen. Zigiluaren hirugarren euskal edizioa da, EUDELek Europako Kontseiluaren babesarekin bultzatutako proiektua, eta orain arte 16 euskal udalek parte hartu dute.
Edizio honetako sei parte-hartzaileen artean, hiru udal daude lehen aldiz zigilua eskuratzeko hautagai (Berango, Erandio eta Laudio), bi jada zigilua dutenak eta berritzeko helburua dutenak (Ermua eta Irun), eta udal bat 2017an hautagai izan zena eta bigarrenez lortzeko asmoa duena (Elgoibar).
ELoGE zigilua ezartzeko, Europako adierazleen tresna (Benchmark) Euskadiko udalerrien araudi espezifikora eta errealitatera egokitu behar da. EUDEL da Europako Zigiluaren metodologia aplikatzeko estatuan egiaztatutako eskualde-plataforma bakarra. Azken helburua ez da aintzatespena lortzea, baizik eta udal-gobernuaren etengabeko hobekuntza sustatzea eta haren politika publikoak Europako kalitate demokratikoko estandar zorrotzenekin egokitzea.
2017ko eta 2018ko edizioen artean moldaketa txikiak egin ziren tresnan, eta bigarren edizioaren ostean, 2019an, adierazleen lehen eguneratzea egin zen. Azkenik, eta pandemiak sortutako egoera kontuan hartuta, doikuntza berriak egin dira tresnan, kasu guztietan Betean aholkularitza-enpresaren laguntzaz.
Aurten moldaketa berriak egin dira, tresna pandemiak ekarritako egoera berrira egokitzeko. ELoGE zigiluak gardentasuna eta kontuak ematea, parte-hartzea, plangintza eta aurreikuspena eta iraunkortasuna ditu ardatz.
Tresna egungo testuingurura azkar egokitu izanak agerian uzten du malgutasuna duela erronka berriei aurre egiteko, eta garrantzi berezia hartzen du Covid-19ak sortutako osasun-, gizarte- eta ekonomia-krisiaren aurrean tokiko erakundeen indarguneak sendotzeko tresna gisa.
Tokiko gobernantzaren kalitate eta bikaintasun gorena aitortzeaz gain, ELoGE Zigilua prozesu ebolutiboa da. Behin hori lortuta, zigilua bi urtean behin berritu behar da, Udalak etengabe hobetzeko konpromisoa hartuta.
Europako abangoardian dauden euskal udalak
Europako Kontseiluaren Zigilua emateko irizpideak 2010ean jarri ziren lehen aldiz proban, Europako berrogei bat lurralde-erakundetan (Bulgaria, Norvegia, Ukraina, Belgika, Espainia eta Frantzia).
2017ko eta 2018ko edizioetan, zazpi Euskadiko udal sartu ziren ELoGE Zigiluaren bereizgarria duten Europako ehun udalerriren zerrenda esklusiboan: Basauri, Ermua, Irun, Leioa, Urnieta, Bermeo eta Legazpi.
Gobernantzaren 12 printzipio eta 97 adierazle
ELoGE “label” europarra Europako Kontseiluaren Ezagutza Zentroak (Centre of Expertisse) bultzatzen du, eta Gobernu Onaren 12 printzipioetan kalifikazio altua lortzen duten udalek Europa mailan duten aintzatespenik handiena da:
1) bidezko ordezkaritza eta parte-hartzea; 2) erreakzionatzeko gaitasuna; 3) eraginkortasuna eta efizientzia; 4) irekitasuna eta gardentasuna; 5) zuzenbide Estatua; 6) jokabide etikoa; 7) eskumenak eta gaitasunak 8) berrikuntza eta eraldaketa 9) epe luzeko iraunkortasuna; 10) finantza-kudeaketa ona; 11) giza eskubideak, kultura-aniztasuna eta gizarte-kohesioa; 12) kontu-ematea.
Horretarako, udalek autoebaluazio bat (benchmark) egin behar dute, beren egoera neurtuz, hamabi printzipioetako bakoitzari lotutako 97 adierazleko tresna batekin.
EUDELek EAEko udalerrien errealitate espezifikora egokitu zuen tresna 2017ko eta 2018ko edizioetan; iaz ez zen egin adierazleak eguneratu ahal izateko deialdia.
Horren gehigarri moduan, inkestak egiten zaizkie herritarrei eta ordezkaritza politikoari (hautetsiak), emaitzak alderatzeko eta, horrela, erantzunetan egon daitezkeen aldeak murrizteko behar diren neurriei heltzeko.
Berrikuntzan, gardentasunean eta gobernu onean hainbat tamainatako eta ibilbide desberdinetako udaletan erreplikatzeko moduko proiektua da. Parte hartzen duten udal guztiek autoebaluaziorako tresna bera erabiltzen dute, baita kontrastatzeko material berberak ere. Horrela, erreplikatzeaz gain, udalerriak elkarrekin alderatzeko aukera ere ematen du, jardunbide egokiak eta esperientzia berritzaileak identifikatzeko.
©European Label for Governance’ Excelence: www.coe.int/good-governance