Aktualitatea

Datorren asteazkenean, abenduaren 16an, jakingo dugu zein diren Gobernantzako Bikaintasunaren Europako zigilua lortzen duten euskal udalak –Eloge 2020–

Datorren asteazkenean, abenduaren 16an, jakingo dugu zein diren Gobernantzako Bikaintasunaren Europako zigilua lortzen duten euskal udalak –Eloge 2020–
  • Hona hemen hautagaiak: LAUDIO, Araban; BERANGO, ERANDIO eta ERMUA, Bizkaian; eta ELGOIBAR eta IRUN, Gipuzkoan. Hiru hilabetez, sei udalek autoebaluazio-prozesu zorrotza egin dute, Gobernu Onaren hamabi printzipiotan eta 97 adierazletan oinarrituta.

    Ekitaldia goizeko 10:00etan hasiko da, hautagai diren sei udaletako alkateen parte-hartzearekin: Elgoibar, Ermua, Irun, Berango, Erandio eta Laudio.

    Zeremonia osoa streaming bidez emango da, EUDELen YouTubeko kanalean: https://www.youtube.com/watch?v=omr07LoPnQM&feature=youtu.be
  • ELoGE zigilua Europako Kontseiluaren ekimena da, eta tokiko gobernantzaren kalitatearen, eraginkortasunaren eta berrikuntzaren etengabeko hobekuntza bultzatzea du xede.
  • 2017an, EUDEL izan zen ELoGE metodologia aplikatzeko Europako Kontseiluak egiaztatu zuen lehen eskualde-plataforma.
  • Gaur egun, zigilua aintzatetsita duten 7 euskal udal daude. Guztira, EAEko 16 udalerrik parte hartu dute Euskadin egin diren ELoGEren hiru edizioetan.


Bilbon, 2020ko abenduaren 14an. Datorren asteazkenean, abenduaren 16an, Europako Kontseiluak ematen duen Gobernantzako Bikaintasunaren Europako Zigiluaren (ELoGE) hirugarren ekitaldia egingo da EUDELen Bilboko egoitzan. Gobernu onaren eta berrikuntza demokratikoaren arloan Europako estandarrak (bikaintasun-maila) maila altuan betetzen dituztela egiaztatzen duten tokiko gobernuek Europan duten onarpenik handiena da.

Banaketa-ekitaldia goizeko 10:00etan hasiko da. Bertan izango dira Ager Izagirre, Mungiako alkatea eta EUDELen ELoGE Batzorde Instituzionaleko presidentea, eta Europako Kontseiluko Gobernantzako zuzendari Snežana Samardžic-Markovic, bideokonferentzia bidez mezu bat bidaliko duena.

Ondoren, hautagai diren udaletako sei alkateek labur-labur baloratuko dituzte EUDELen eta Europako Kontseiluaren proiektuko parte-hartzaile gisa izandako esperientzia eta helburuak.

 

ELoGE 2020 zigilurako hautagaiak

  • Berango, Erandio eta Laudio Europako bereizgarria eskuratzeko hautagai dira lehen aldiz.
  • Ermuak eta Irunek 2017an lortu zuten zigilua, eta berritu egin nahi dute.
  • ELGOIBAR hautagai izan zen 2017an, eta bigarren aldiz aurkeztu da.


 

ELoGE Europako Zigiluaren ebaluazioa

ELoGE bereizgarria kristalezko dodekaedroa da, hamabi aurpegi dituena, bat gobernu onaren hamabi printzipioetako bakoitzarentzat.

ELoGE jasotzeko hautagai diren udalek beren gobernantza-politiken eta -praktiken ebaluazio zehatza egin behar dute, Europako Kontseiluak gobernantza egokirako zehaztutako hamabi printzipioetan oinarrituta. Besteak beste, hautetsien jokabide etikoa, gardentasuna, kontu-ematea, bidezko parte-hartzea, finantza-kudeaketa ona, berrikuntza eta eraldaketa, eraginkortasuna eta efizientzia.

Ebaluazioari esker, tokiko agintariak beren indargunez eta ahuleziez jabetzen dira, komunitateari zerbitzu publikoak eskaintzean. Pandemia garaian, ELoGE tresna baliotsua da udalentzat, haien printzipioak bat datozelako garapen jasangarriaren helburuekin (GJH), eta tokiko erakundeak indartzen laguntzen du etorkizuneko erronken eta eraldaketa sozialen aurrean.

Tokiko gobernuentzako kalitatearen “label”-a bi urtean behin berritu behar da, hala, etengabeko hobekuntzan eta beste udalerri batzuetan aplika daitezkeen jardunbide egokiak sustatzen laguntzeko.

 

ELoGE zigilua duten euskal udalerriak

EUDEL Europako Kontseiluak Euskadiko udalerrietan Europako Zigilua emateko akreditatutako eskualde-plataforma da. Bi edizio egin dira lehenago, 2017an eta 2018an, eta 7 udalek jaso dute ELoGE zigilua: Basauri, Ermua, Irun, Leioa, Urnieta, Bermeo eta Legazpi. Horiek dira ELoGE zerrenda esklusiboarekin bat egin duten lehen euskal udalerriak. Zerrenda hori Europako bereizgarriarekin aintzatetsitako ehun tokiko gobernuk baino ez dute osatzen.

Hiru edizioetan (2017, 2018 eta 2020an), guztira EAEko 16 udalerrik hartu dute parte EUDELen eta Europako Kontseiluaren proiektuan.

Europako Kontseiluaren Zigilua emateko irizpideak 2010ean jarri ziren lehen aldiz, Europako berrogei bat lurralde-erakundetan (Bulgaria, Norvegia, Ukraina, Belgika, Espainia eta Frantzia).

Informazio gehiago, EUDELen ELoGE webgunean: https://eloge.eudel.eus

EUROPAKO KONTSEILUA: www.coe.int/good-governance

 

……………………………………………………………………………………………………………….

ELoGEko metodologia: Gobernantzaren 12 printzipio eta 97 adierazle

ELoGE “label” Europako Kontseiluaren Ezagutza Zentroak (Centre of Expertisse) bultzatzen du, eta Gobernu Onaren 12 printzipioetan kalifikazio altua lortzen duten udalek Europa mailan duten aintzatespenik handiena da:

1) bidezko ordezkaritza eta parte-hartzea; 2) erreakzionatzeko gaitasuna; 3) eraginkortasuna eta efizientzia; 4) irekitasuna eta gardentasuna; 5) zuzenbide Estatua; 6) jokabide etikoa; 7) eskumenak eta gaitasunak 8) berrikuntza eta eraldaketa 9) epe luzeko iraunkortasuna; 10) finantza-kudeaketa ona; 11) giza eskubideak, kultura-aniztasuna eta gizarte-kohesioa; 12) kontu-ematea.

Horretarako, udalek autoebaluazio bat (benchmark) egin behar dute, beren egoera neurtuz, hamabi printzipioetako bakoitzari lotutako 97 adierazleko tresna batekin.
Horren gehigarri moduan, inkestak egiten zaizkie herritarrei eta ordezkaritza politikoari (hautetsiak), emaitzak alderatzeko eta, horrela, erantzunetan egon daitezkeen aldeak murrizteko behar diren neurriei heltzeko.

Berrikuntzan, gardentasunean eta gobernu onean hainbat tamainatako eta ibilbide desberdinetako udaletan erreplikatzeko moduko proiektua da. Udalerriak elkarrekin alderatzeko aukera ere ematen du, jardunbide egokiak eta esperientzia berritzaileak identifikatzeko.