Aktualitatea

EUDELek eta Europako Kontseiluak ELoGE 2021 Bikaintasun-Zigilua eman diete sei udali

EUDELek eta Europako Kontseiluak ELoGE 2021 Bikaintasun-Zigilua eman diete sei udali
  • Gasteizek (Araba), Bilbok eta Basaurik (Bizkaia), Eibarrek, Andoainek eta Urnietak (Gipuzkoa) gaur jaso dute sari hori, zeinak tokiko gobernuen kalifikazio gorena egiaztatzen duen, gobernu onaren, kalitatearen eta berrikuntza demokratikoaren 12 printzipioren arabera.
  • Zigilu hori emateko Europako lehen plataforma izan zen 2017an Euskadiko Udalen Elkartea. Hautagai diren udalek autoebaluazioa egiten dute Europa osorako tresna komunean oinarrituta, EUDELek espezifikotasunari egokitutako 97 adierazle egokiturekin.
  • Laugarren edizio honen ondoren, 12 udal ditu Euskadik ELoGE zerrenda esklusiboan, orotara Europako 127 udalerrik osatua.
  • Berritasun gisa, aurten EUDELek berariazko deialdi bat egingo du 5.000 biztanletik beherako udalerrientzat; horiek EAEko toki-erakundeen %71 dira.
  • Gorka Urtaran EUDELen elkarteburuak zorionak eman dizkie udalei, Europako Kontseiluaren ebaluazio zorrotzean parte hartzea erabakitzeagatik: “Zigilua lortzeko, bikaintasunarekin eta gizarteari ematen diogun zerbitzuaren etengabeko hobekuntzarekin ahalik eta konpromiso politikorik handiena hartu behar da. Euskal udalerriak Europako abangoardian gaude”.
  • Europako Kontseiluko ordezkari Alina Tatarenkok azaldu duenez, ELoGEren xedea da “Europa mailan ikuspegi bera lortzea udal batek gobernu ona lortzeko egin beharreko urratsei buruz. Garrantzitsua da euskal agintariek, Norvegiakoek, Greziakoek, Frantziakoek edo Italiakoek irizpide berberekin lan egitea.”

Bilbon, 2022ko urtarrilaren 19an. Sei udalek lortu dute Euskadiko 2021 Gobernantzaren Europako Bikaintasun Zigilua: Gasteizek (Araba), Bilbok eta Basaurik (Bizkaia), Eibarrek, Andoainek eta Urnietak (Gipuzkoa). ELoGErekin aintzatetsitako udalerrien zerrenda gaur eman da ezagutzera EUDELek Bilbon duen egoitzan. Agurtzane Mercader Urnietako zinegotziak, Maider Lainez Andoaingo alkateak, Jon Iraola Eibarko alkateak, Asier Iragorri (bideokonferentziaz) eta Berta Montes Basauriko alkateak eta zinegotziak, Borja Rodríguez Gasteizko herritarren partaidetza eta gardentasuneko zinegotziak, eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, ordena horretan, jaso dute aintzatespena, Gorka Urtaran EUDELen elkarteburu eta Gasteizko alkatearen eskutik.

Europako tokiko gobernuentzako “labela” emateko zeremonian, Alina Tatarenko Europako Kontseiluko Gobernantzako buruak telematikoki parte hartu du, ELoGEren bultzatzaile den erakundearen ordezkari gisa. Mª del Mar Zabala EUDELen zuzendari nagusiak jakinarazpen ofiziala egin du, ELoGE erakundeen arteko Batzordearen ziurtagiria irakurrita. Batzorde hori da zigilua ematearen arduraduna, eta Eusko Jaurlaritzako eta hiru foru-aldundietako ordezkariek osatzen dute, EUDELekin batera.

ELoGE Batzordeak egiaztatu du, sei udalen ebaluazio orokorra aztertuta, Zigiluaren VI. edizioan kalifikaziorik onena lortu duten printzipioak hauek direla:

  • 1.-Hauteskundeak, Ordezkaritza eta Parte-hartze bidezkoa,
  • 2.-Erreakzionatzeko gaitasuna,
  • 3.-Eraginkortasuna eta efizientzia,
  • 8.-Berrikuntza eta aldaketarako jarrera irekia,
  • 11.- Giza eskubideak, Kultura-aniztasuna eta Gizarte-kohesioa.

ELoGe (European Label for Govenance Excellence) gobernu onaren, kalitatearen eta berrikuntza demokratikoaren hamabi printzipioko zerrendan oinarrituta bikaintasunaren kalifikazioa egiaztatzen duten tokiko gobernuentzako Europako izendapenik handiena da. Europako Kontseiluaren autoebaluazio-sistema zorrotz batean oinarritutako aintzatespena da. Haren helburua udal-kudeaketa eraginkor eta efizientea bideratzea da, jasangarritasunaren ikuspegitik.

Udalak eskura dituen frogak aztertu behar ditu, bere jardueraren alderdi guztiak aintzat hartzen dituzten 97 adierazleri erantzuteko, bai erakundearen barruari dagokionez, bai gizartearekin harreman estua izateko eta hari zerbitzua emateko zereginari dagokionez. Atal hauek aztertu dira, besteak beste: administrazio-izapideak, kontratazio-prozedurak, finantza- eta aurrekontu-kudeaketa, hautetsien jokabide etikoa, herritarrek parte hartzeko bideak edo organoak, gardentasun eta berrikuntza publikoko tresnak, eta Giza Eskubideak berdintasunarekin, aniztasunarekin, inklusioarekin eta gizarte-kohesioarekin sustatzea, zeharkako ardatz gisa.

 

Erakunde “sendo eta jasangarriak”

Gorka Urtaran, EUDELeko elkarteburuak nabarmendu du zigiluak garrantzi handiagoa duela COVID-19aren pandemiaren ondorioz azkartu diren trantsizio handiei aurre egiteko tresna gisa: “Zigilua da gure tokiko erakundeak sendo eta jasangarriago egiteko tresnarik onena. Europak ondoen baloratutako ataletako bat da gure erreakzio-gaitasuna, une bakoitzeko beharrei bizkor erantzutekoa, baita epe luzerako ikuspegia ere, oztopoei edo etorkizuneko krisiei aurrea hartzeko”.

Erakunde bakoitzaren autoebaluazio-prozesuak 3-4 hilabete irauten du. Emaitzak kanpo-ikuskaritza batek neurtu eta baloratzen ditu, eta EUDELek (ELoGE Batzordea) egiaztatzen ditu. Azken txostenak isilpekoak dira, eta udal bakoitzak baino ezin ditzake erabili.

ELoGEren balioa da ez dela betiko, izan ere, lortu ondoren bi edo hiru urtetik behin berritu behar da. EUDELen elkarteburuak “udal-gobernu eta -jarduketetarako mekanismoak hobetzeko erreminta-kutxatzat” jo du; helburua ez da Zigilua lortzea, ezpada maila politiko nahiz teknikoan “gobernantzaren hobekuntza jarraitua” ekarriko duen talde-lana sustatzea, “horren bidez kalitatezko zerbitzuak, herritartasun aktiboa eta gizartearen beharrak aseko dituzten politika publikoak izateko”.

Mezu horrekin bat dator Europako Kontseiluko ordezkaria. Alina Tatarenkoren ustez, “gardentasunak eta gobernu onak konfiantza indartzen dute tokiko erakundeetan, eta herritarren parte-hartzea bultzatzen dute. Konfiantzarik gabe, demokrazia ahuldu egiten da”.
ELoGE esperientzia 2017an iritsi zen Euskadira, EUDELen eskutik, bere lurraldeko udalerri guztien artean Zigilua banatu ahal izateko Europako lehen eskualde-plataforma bihurtu ondoren. Euskadiko Udalen Elkartearen eta Europako Kontseiluaren arteko lankidetza estuak lagundu zuen horretan. Elkarlan horrek fruitua eman zuen Estatu mailako ekimen aitzindarietan, hala nola 2013an, tokiko hautetsientzako jokabide etikoaren lehen Kodean eta Gardentasunaren aldeko Udalen sarean, baita, 2014an, tokiko finantzen Europako ebaluazioan ere.

 

Euskal zigiluak eta udalerri txikiak

2017tik 2021era bitartean, ELoGEren lau edizio egin dira Euskadin, eta Euskadiko hamabi udalek lortu dute bikaintasun-ziurtagiria. Lau udalerrik bi aldiz lortu dute zigilua, besteak beste, Basaurik eta Urnietak, eta aurten berritu dute. Aurten, Bilbo, Gasteiz, Eibar eta Andoain sartu dira.

EUDELek Euskadiko ahalik eta herri gehienetara zabaldu nahi du gobernu ona. Horretarako, 2022rako berritasun gisa, 5.000 biztanletik beherako udalerrientzako berariazko deialdia egingo da. Udalerri horiek EAEko toki-erakundeen %70 baino gehiago dira. Helburu horrekin, Elkartea ELoGE adierazleen egokitzapen berri batean buru-belarri murgilduta dago, herri txikien errealitatean aplikatu ahal izateko; orotara dauden 251 euskal udalerrietatik 179 dira.

Gorka Urtaranek argitu du Europako ekimenak ez duela rankinga ezarri nahi, baizik eta udalen arteko elkar-ikaskuntza bultzatu. “Udalerri batzuek besteetatik ikasten dugu, eta jardunbide egokiak eta funtzionatzen duten irtenbideak parteka ditzakegu, gure erronkak komunak direlako”, esan du. “Lankidetzan aritu nahi dugu, ez lehiatu, Europa mailan partekatutako eta bermatutako oinarri batzuetatik, gure toki-komunitateen ongizatean aurrera egiteko, udal eredugarri gisa”.

Orain arte, kontinente zaharreko ehun bat tokiko gobernuk (127) baino ez dute Europako Kontseiluaren bereizgarri garrantzitsu hori. Zerrenda esklusibo horretan dauden Euskadiko udalak Estatuko bakarrak dira, Kataluniako Parets del Vallés herrikoarekin batera.

ELoGE zigilua duten euskal udalak tamaina guztietako udalerrietakoak dira:

  • 10.000 biztanle baino gutxiagokoak: Andoain, Legazpi eta Urnieta*
  • 10.000-20.000 biztanlekoak: Bermeo, Ermua* eta Laudio
  • 20.000-70.000 biztanlekoak: Basauri*, Eibar, Irun*, Leioa
  • 200.000 biztanle baino gehiagokoak: Bilbo, Gasteiz

*(bi ELoGE zigilu)

 

97 adierazle, Gobernu Onaren 12 printzipiotan oinarrituta

ELoGEren metodologia berdina da Europako udalerri guztientzat. Euskadin aplikatzeko, EUDELek urtebete eman zuen autoebaluazio-sistema (benchmarking) euskal tokiko araudira eta errealitatera egokitzen. Horren ondorioz, Europako Kontseiluaren Gobernantza Onaren estandarrak betetzea neurtzen duten 97 adierazleko matrizea lortu zen.

Hamabi printzipioak Europako demokraziaren oinarrizko balioak dira, eta bat datoz Nazio Batuen GJHekin. Honako hauek dira: 1) Bidezko hauteskundeak, ordezkaritza eta parte-hartzea; 2) Erreakzionatzeko gaitasuna; 3) Eraginkortasuna eta efizientzia; 4) Irekitasuna eta gardentasuna; 5) Zuzenbide Estatua; 6) Jokabide etikoa; 7) Eskumenak eta gaitasunak 8) Berrikuntza eta eraldaketa 9) Epe luzeko iraunkortasuna; 10) Finantza-kudeaketa ona; 11) Giza eskubideak, kultura-aniztasuna eta gizarte-kohesioa; 12) Kontu-ematea.

Udalek printzipio guztiak betetzen dituztela egiaztatu behar dute, eta, horretarako, froga dokumentalak aurkeztu behar dituzte. Froga horiek publikoak eta eskuragarriak izan behar dute (webguneak, gardentasun atariak edo beste batzuk).

Aldi berean, hautetsiei eta herritarrei ere inkestak egiten zaizkie. Horiek ez dira lotesleak, baina autoebaluazioaren emaitzak kontrastatzeko balio dute.

Parte hartzen duten udalek ezaugarri komun bat dute: autoebaluazioari ekiteko seriotasuna, zorroztasuna eta autoexijentzia handia. Edizio guztietan azterketa sakona egin da, eztabaidan eta kontraste teknikoan oinarritua. Esperientzia hori oso positibotzat eta aberasgarritzat jotzen dute beti udal ordezkariek.


Informazio gehiago: www.eudel.eus/eu