Aktualitatea

Bermeoko eta Legazpiko udalek lortu dute Gobernantzako Bikaintasunaren 2018ko Europako Labela

  • Udal horietako alkateek jaso dute, gaur goizean, ELoGE Labelaren bereizgarria, kristalezko dodekaedro bat, EUDELen elkarteburu Imanol Landaren eta Europako Kontseiluaren ordezkari Alina Tatarenkoren eskutik.
  • Bermeoko eta Legazpiko udalak kontuan hartuta, dagoeneko zazpi euskal udalek lortu dute Toki Gobernuentzako kalitatearen eta bikaintasunaren Europako bereizgarri gorena. Bizkaian Labela lortu duen laugarren udala da Bermeo, eta Legazpi, berriz, Gipuzkoako hirugarrena.
  • EUDELen elkarteburu Imanol Landak zorionak eman dizkie lau hautagaiei, “nota onarekin gainditu dutelako Europako Kontseiluaren ebaluazio zorrotza”. “Labela lortzeko hautagai izatea berez da konpromiso handia udal gobernuarentzat, etengabeko hobekuntzari eta zerbitzu publikoen berrikuntzari dagokionez. Gaur, Euskadiko udalak erreferente bat gara berriro ere Europan, gardentasunaren eta gobernu irekiaren alorrean”.
  • Alina Tatarenko: “Gardentasunak eta gobernu onak sendotu egiten dute toki erakundeenganako konfiantza, eta herritarren parte-hartzea bultzatzen dute. Konfiantzarik gabe, ahuldu egiten da demokrazia”.

ERREKURTSOAK (Argazkiak/Audio/Bideoak): http://www.eudel.eus/prentsa

Bilbon, 2018ko abenduaren 19an. Gaur goizean, 11:30ean, EUDELek Bilbon duen egoitzan egindako ekitaldian, Bermeoko eta Legazpiko udalek Gobernantzako Bikaintasunaren Europako Labela jaso dute (ELoGE 2018). Bi udal horiek beste bost udal aitzindariekin egingo dute bat (Basauri, Ermua, Leioa, Irun eta Urnieta). Horiek izan ziren, aurreko martxoan, Europako Kontseiluaren goreneko bereizgarria jaso zuten Euskadiko lehen udalak, berrikuntza demokratikoaren eta Gobernu Onaren alorrean dituzten jardun aurreratuak direla-eta.

BERMEOKO/LEGAZPIKO ALKATEEN HITZAK

2017 eta 2018 bitartean, EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak eta Europako Kontseiluak –ELoGE Bikaintasunaren Labelaren bultzatzailea– elkarrekin jardun dute Euskadiko udal interesdunen hautagaitzak prestatzeko bi proiektu pilotutan. Orain arte, Europa osoko 200 udalerrik baino ez dute zigilu hori, eta horien artean bakarra da Espainian. Bermeo eta Legazpirekin batera, gaur egun Euskadiko 7 udalek osatzen dute, guztira, Europako Kontseiluaren aparteko zerrenda. Horrek bermatzen du erakunde horiek bikainak direla “goreneko gardentasunari, kalitateari eta eraginkortasunari dagokienez”.

Tamaina guztietako udalak

Tamaina guztietakoak dira Labelaren jabe diren Euskadiko udalak: 10.000 biztanletik beherakoak, Legazpi eta Urnieta; 30.000 eta 50.000 biztanle bitartekoak, Bermeo, Ermua, Leioa eta Basauri; bai eta ia 60.000 biztanleko bat ere, Irun. “ELoGE Euskadiko udalen aniztasunak frogatzen du tresna baliagarria dela Euskadirentzat eta 251 toki errealitatetara zabal litekeela”, adierazi du EUDELen elkarteburu Imanol Landak.

Zentzu horretan, Imanol Landak adierazi duenez, EUDELen datorren urterako helburua, maiatzeko udal hauteskundeetara bitartean, ELoGE metodologia sistematizatzea eta 2019-2022 legealdiko udal berriei oro har eskaintzea da. “Era berean, toki jardunbide aurreratuenak bilduko ditugu, esperientzia ereduen funts bat sortzeko, beste udalentzat estimulua izan dadin eta lagun diezaien gobernu onaren eta udal kudeaketaren berrikuntzaren alorrean lan egiten”.

Bestalde, Alina Tatarenkok azaldu duenez, honako hau da Europako Kontseiluaren helburua: “Europa mailan, udalek ikuspegi berbera edukitzea gobernu ona lortzeko egin beharreko urratsei dagokienez. Garrantzizkoa da Euskadiko agintariek, norvegiarrek, greziarrek, frantsesek edo italiarrek irizpide berberei jarraituz lan egitea.”

PRENTSA OHARRA