Aktualitatea
EUDEL-Europako Kontseilua Gobernantza Onaren zigilua, Donostian Europaren etorkizunari buruz egindako gogoeta jardunaldiko kasu praktikoa
Donostia-San Sebastián. Asteazkenean, azaroaren 29an, Donostiako San Telmo museoan, EUDELeko ordezkari eta Urnietako alkate Mikel Pagolak “Maila askotako gobernantza, paradiplomazia eta estatuz azpiko erakundeen zeregina EBn” gogoeta jardunaldiaren hasiera ekitaldian parte hartu zuen. Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Europako Eskualdeen Batzordeak antolatu zuten jardunaldia, EUDELekin eta hiriburuko udalarekin lankidetzan, Globernance-Gobernantza Demokratikoko Institutuko idazkaritzaren bidez.
Mikel Pagolak, topagune hartan maila askotako erakundeak eta aditu akademikoak elkartu zirela baliatuta, EUDELek eta Europako Batzordeak sustatutako proiektu pilotu berria iragarri zuen, zeinaren bidez hedatuko baitute 9 euskal udalerritara Berrikuntzaren eta Gobernantza Onaren Europar Zigilua (ELOGE).
Urnietarekin batera, hiru lurraldeetako beste 8 udalerrik hartuko dute parte ekimenean, neurri desberdinetakoak biztanleriari dagokionez.
Helburua da udal bakoitzeko talde politiko eta teknikoen artean baterako autoebaluazioa egitea, aztertzeko abiapuntuko egoera zein den tokiko gobernantza onerako oinarrizko 12 printzipioetako bakoitza betetzeari dagokionez, adibidez, herritarren parte-hartzea, portaera etikoa, gardentasuna, berdintasuna, eraginkortasuna eta eragingarritasuna; erreakzio ahalmena, finantza-kudeaketa osasungarria, etab.
Prozesuaren emaitza gisa, udalerri batzuek gobernantza onaren aitortza jasoko dute, EUDELek EAErako Europako Kontseiluaren erakunde baimendu gisa banatzen duen Europar Zigilua eskuratuko baitute.
Urnietako alkateak nabarmendu zuenez, “Prozesua bera da garrantzizkoa. Autoebaluazio honetan parte hartu nahi izatea. Gauzak ongi egiten ari garelako autokonplazentzian ez jaustea, baizik eta lehen eskutik ezagutzeko beste udalerri batzuetako esperientziak eta jardunbide egokiak, horiek emango baitizute zure erakundean neurri horiek ezartzeko eta hobetzeko bidea.”
Autoebaluazioaren ondorengo urratsean (“Benchmarking”) udalerrien arteko konparaketa egingo da, kasuan kasuko indarguneak eta ahulguneak identifikatzeko, eta erreferentziazko ereduak ateratzeko, beraien lan dinamikak egokitzeari eta udal bakoitzean tokiko gobernantza hobetzeko plangintzetan aurrera egiteari begira.
Zigiluaren proiektuari buruzko INFORMAZIO GEHIAGO
Proiektu hau ere Gobernantza demokratiko eta maila askotakoaren esparruan sartzen da, haren xedea baita erakundeen eta herritarren arteko harremana estutzea udal politikaren bidez, horixe den heinean pertsonengandik hurbilen dagoena. Mikel Pagolaren hitzetan: “Erronka globalek baterako irtenbideak eskatzen dituzte, eta alkateak eta zinegotziak lider izango dituzten tokiko erantzunak. Gu gara hurbilen gaudenak, eta, beraz, herritarren premiak hobekien ezagutzen ditugunak”.
Behetik gorako Europaren aldeko apustua
Jardunaldia ”Herritarrekiko elkarrizketa, Europaren etorkizunari buruzko gogoeta bat” programaren barruan antolatutako hiru eztabaida saioetan bigarrena zen. Eusko Jaurlaritzak, aldundiek, gizarte zibilak eta Europako Eskualdeen Batzordeak antolatu dituzte eztabaida saioak, hiru hiriburuetan, hainbat esparrutako iritziak biltzeko: unibertsitatea, enpresa, gizarte-harremanak, maila askotako gobernantza eta gazte enplegua.
Hiru saio horietatik ateratzen diren ondorioek Eusko Jaurlaritzak Europaren etorkizunari buruz lantzeko asmoa duen proposamena aberastuko dute. Proposamen hori CdR Eskualdeen Batzordeari, Europako Batzordeari eta haren buru Jean-Claude Junckerri helaraziko zaie, ekarpen gisa.
Juanjo Álvarez (Globernance) izan zen errelatorea, baina Donostiako ekitaldian izan ziren, orobat, Marian Elorza eta Mikel Antón (Eusko Jaurlaritza), Iker Goiria (Gipuzkoako Foru Aldundia), Juanra Viles (Donostiako Udala), Shaun Riordan britainiar diplomatiko ohia, Patxi Aldekoa eta Henry Labayle katedratikoak, Igor Filibri eta Maite Zelaia.
Informazio gehiago: http://globernance.org