Aktualitatea
Bost udalek -Irun, Urnieta, Basauri, Ermua eta Leioa- Gobernantza bikaintasuneko Europako zigilua lortu dute
- EUDELek eta Europako Kontseiluak sustatu dute proiektu pilotu bat. Bertan, bederatzi udalek euren maila neurtu dute, kalitate eta eraginkortasun demokratikoari dagokionez. Neurketa Gobernantza Onaren hamabi printzipioetan oinarrituta eta ebaluaziorako 97 adierazleren bitartez egin da.
- Horrenbestez, bost Euskadiko udalak Gobernantza onaren arloko abangoardiako bereizgarri hau daukaten Europako lehen 200 udalen artean sartu dira.
- Parte hartu duten gainerako lau udalek (Beasain, Elgoibar, Galdakao eta Mungia) euren konpromisoa berriztu dute, etengabeko hobekuntzarako eta praktika onak elkartrukatzeko tresna honekin.
- Sortu duen interesa ikusita, proiektua Europako zigilua lortzeko hurrengo deialdiren batean parte hartu nahi duten udal gehiagori ere ireki zaie. Bigarren fase honetarako, EUDELek erakunde arteko ELoGEko batzorde bat eratu du, Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiak elkarrekin.
Donostia, 2018ko martxoaren 20a. Gaur goizean, Basauri, Leioa, Ermua, Irun eta Urnietako udalek Europako Kontseiluak ematen duen Gobernantzaren alorreko Bikaintasuneko Europako Zigilua (ELoGE) lortu dute. Zigilua emateko, gobernantza onaren 12 printzipioetan oinarritu dira: gardentasuna, herritarren parte-hartzea, portaera etikoa, eraginkortasuna eta efizientzia, finantza-kudeaketa osasungarria, berrikuntza, berdintasuna, giza eskubideak eta aniztasuna, besteak beste. Modu horretara, Euskadiko udalak Europako 200 udaleko talde txiki bati batu zaizkio (Estatuan bat bakarrik), non udalek aipatutako bereizgarria duten, abangoardiako posizioan egoteagatik, gobernantza onari eta kalitate demokratikoari dagokienez.
Zigilua EUDELek 2017an eta 2018an Gipuzkoako eta Bizkaiko 9 udaletan sustatutako proiektu pilotu baten amaierako aintzatespena da, aipatutako bost udalez gain, Beasainen, Elgoibarren, Galdakaon eta Mungian. Denek hartu dute euren gain, euren borondatez, 97 adierazletan eta bi galdeketatan oinarritutako autoebaluazio prozesu zorrotz bat egiteko konpromiso politikoa; galdeketetako bat gobernuko eta oposizioko zinegotzientzat izan da, eta bestea, herritarrentzat.
Donostiako Koldo Mitxelena aretoa agertoki izan da gaur goizean, 2017ko ELoGE Zigilua emateko ekitaldian: kristalezko dodekaedro bat, 12 printzipioen betetze-maila orokorrean kalifikaziorik altuena lortu duten bost udalak dira, adierazle bakoitzarentzat eskatutako puntuazioa beteta. Bost udalen alkateek saria jaso dute: Jose Antonio Santano (Irun), Mikel Pagola (Urnieta), Andoni Busquet (Basauri), Maria del Carmen Urbieta (Leioa) eta Carlos Totorika (Ermua). Peru Bazako, Erakunde Harremanetarako Sailburuordeak, eta beste Foru Aldundien ordezkariek parte hartu dute ekitaldian.
Ekitaldia EUDELeko elkarteburu Imanol Landak eta Europako Kontseiluko ordezkari Alina Tatarenkok gidatu dute, eta proiektu pilotuko eta proiektuan interesa duten beste hainbat udaletako ordezkari tekniko eta politiko ugari bertaratu dira.
Europako Zigiluaren xedea “tokiko eragileen ekintzak mobilizatu eta suspertzea” da, “herritarrek gobernantza on eta demokratiko batez goza dezaten, zerbitzu publikoak etengabe hobetuz, herritarren parte-hartzearekin eta espero bezalako ordezkari politikoekin”. (Helburu hau Europako Kontseiluaren 2007ko Valentziako Adierazpenean dago adierazita, eta 2010ean zigiluaren abiapuntu izan zen).
ELoGE Zigilua lortzeko hurrengo deialdiak
Lehenengo aldiz eman dute ELoGE Zigilua Euskadin, eta, sortu duen interesa ikusita, hemendik aurrera, aldizkako deialdiak egitea espero da. Horretarako, EUDELek lurralde plataforma bat sortu du Zigilua emateko eskumenarekin, eta, aurten, 2018an, udalen bigarren talde bat eratzea da asmoa, lanean has daitezen hurrengo deialdietan, urtero ahal baldin bada, banatuko den bereizgarria lortzeko.
Proiektuaren jarraikortasuna sendotu eta bermatzeko, ELoGErako erakunde arteko batzorde bat eratu da, EUDELeko, Eusko Jaurlaritzaren Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko eta lurralde bakoitzeko foru aldundietako ordezkariek osatuta. Xede nagusia Zigilua merezi duten udal hautagaiak onartzea, sor daitezkeen gatazkak konpontzea, eta etorkizunerako hobekuntza planak aztertu eta horien jarraipena egitea izango da.
ELoGE Europako Zigilua ©EuropeanLabelforGovernance’ Excelence
Europako Zigiluak zerbitzu publikoak hobetzea bilatzen du, eta tokiko gobernuak aintzatesten ditu, kudeaketa politikoan euren praktikek duten kalitateagatik eta udalen kudeaketagatik, kanpo harremanei dagokienez, herritarrekin, bereziki.
Zentzu horretan, esaterako, iruzurrari aurre egiteko neurriak ebaluatzen ditu hainbat arlotan –kode etikoen edo jokabide kodeen bitartez–: kontratazio publikoa, baimenak eta lizentziak ematea, gardentasuna eta udaleko informazioaren eskuragarritasuna sustatzea, kontuak ematera bideratutako baliabideak, edota inklusio eta kohesio sozialaren garapen maila. Alderdi horiek guztiek tokiko gobernuen heldutasun maila adierazten dute, bai eta aipatutako helburuak betetzeko bertako ordezkari politikoek duten konpromisoa ere.
Zigilua aintzatespenerako eta etengabeko hobekuntzarako tresna da, inola ere ez tokiko erakundeak kontrolatzeko. 2 urteko denbora-tarte mugaturako emango da. Behin iraungita, Udalak ziurtagiria modu errazean berriztu ahal izango du, adierazleak modu egokiagoan betetzeko hobekuntza planak ezarriz.
Gobernantza Onaren 12 printzipioak
Valentziako (2017) eta Utrecheko (2009) adierazpenen markoan, Europako Kontseiluko 47 estatu kideetako ministroek Zigiluaren oinarri diren tokiko mailako Gobernantza demokratiko onaren 12 printzipio ezarri zituzten.
12 european principles: www.coe.int/good-governance
- Hauteskundeak eta ordezkaritza eta parte-hartze bidezkoak
- Erantzuteko gaitasuna
- Efizientzia eta eraginkortasuna
- Irekiera eta gardentasuna
- Zuzenbide-estatua
- Portaera etikoa
- Eskumenak eta gaitasunak
- Berrikuntzaeta aldaketaren aurrean irekita egotea